TXUPITOPIRULETAK

TXUPITOPIRULETAK

miércoles, 30 de noviembre de 2011

AHOTS MESIANIKOKO ERROBOTA


Gaur, berria bilatzen ari ginela, ondorengo iritzi artikulua aurkitu dugu; klik! irakurtzeko.

Blog-ean hausnarketa egiteko normalean berriak erabili behar ditugun arren, oso iritzi artikulu interesgarria iruditu zaigu. Honek gaur egun hezkuntza pairatzen hasi den, eta etorkizun batean pairatu dezakeen egoeraren berri jasotzen du. Gainera, oso hitz gutxitan eta era erakargarri batean idatzita dagoenez kuriosoa eta polita iruditu zaigu, nahiz eta barnean irakasleentzako etorkizun beldurgarria gordetzen duen.

Artikulua ulertzeko hezkuntza ez den beste lan esparruetan gertatu dena aztertu beharra dago. Industrian, adibidez, hasiera batean ekoizpenerako langileen eskuak ezinbestekoak baziren ere, denborarekin makinak agertu eta apurka apurka langileen beharra murrizten hasi zen. Honen ondorioz, langileen kopurua, industrian, nabarmen murriztu zen. Adibide hau kontuan hartuta, teknologia berriek, gizakiaren lana errazteko aitzakiarekin sortu baziren ere, gaur egungo kasu askotan gizakia bera ordezkatu dutela esan dezakegu. Zertarako ordaindu 10 langileen soldata, eginkizun bera betetzen duen makina zoragarria martxan jartzeko langile bakarra behar ba da?

Guri dagokigunez, hezkuntza arloan, begi-bistakoa da teknologia berrien erabilerak azken urte hauetan izan duen hazkuntza. Egungo irakasleek hauek erabiltzera behartuta daude, eta haien lana pixkanaka pixkanaka mugatzen hasi da. Lehen, irakasleak euren hitzez baliatu behar ziren teoria desberdinak azaltzeko, egun, ordea, nahikoa da botoi bat sakatuz makina batek teoria bera azal dezan. Beraz, egoera honek aurrera jarraitzen badu, irakaskuntzarako pertsona formatuak eta kualifikatuak garatu beharrean, nahikoa izango da teknologia berrien erabilera ezagutzen duen pertsona bat kontratatzearekin. Eta egoera honetan,azkenean, ahots mesianikoko errobotarekin topatuko gara.

Honetaz gain, azkeneko urte hauetan komunikabideetan hainbeste erabilia izan den “krisia”-ren aitzakipean gertatzen ari diren murrizketa guztiak kontuan hartzen baditugu, eta gero eta pertsona gehiago langabezian aurkitzen direla jakinda, erraz uler dezakegu langileak makinekin ordezkatzeak ekar ditzakeen onurak zenbait pertsonen poltsikoetan.

Gainera, eskoletan, gero eta garrantzia handiagoa ematen zaie eduki akademikoei, eta giza irakasle errealaren beharra duten balore moralak eta giza-harremanak baztertu egin dira. Guzti hau kontuan hartzen badugu ezin dugu iritzi artikulu honetan azaldutako etorkizun beldurgarrirako bidean gaudela ukatu.

Beraz, hezkuntza zertan bihurtzen ari den hausnartu beharrean gaudela pentsatzen dugu, eta baita teknologia berriek ekartzen dituzten ondorioak aztertzeko beharrean ere. Argi dago teknologia berriei esker baliabide asko eta aberatsak ditugula gure esku, eta hauek era egokian erabilita izugarrizko laguntza lortu dezakegula. Beraz, ondorio gisa, esan dezakegu irakasle moduan eskaintzen, edo askotan inposatzen zaizkigun baliabideak ondo aztertu eta hauen erabilera ondo neurtu behar dugula ahots mesianikoko errobotak gure lanean ordezka ez gaitzan.



>Danok lan egin dugun arren aste hontan neri tokatzen zitzaidan blog-era pasatzea. Horregatik etiketetan neu bakarrik agertzea.

1 comentario:

  1. Iñaki, AItziber eta Olatz: Egindako lana, izenpetu.

    Saulek ere egin du. Ekitatean ez naiz sinestun, beraz ez dago derrigorrik denok kopuru ber-ber-bera izenpetu beharrik. Ikastea eta ikasten ahalegintzea bai, horiek egin beharra dago.
    ----------------

    Ez naiz luzatuko zuen testuak merezi lukeen moduko iruzkina egiten -denbora kontuak direla eta, merezi luke eta bururatzen zait-.

    "Irakasle bat makina batek ordezkatu ahal badu, irakasle hori ordezkatu egin behar da" etorri zait burura irakurri ahala. Ona aukeratu duzuena, hobea pentsa eta idatzi duzuena.

    ResponderEliminar